EUSKADIKO ELKARTE LABORAL TALDEA / AGRUPACION DE SOCIEDADES LABORALES DE EUSKADI

ASLE › Historia › 4/1997 Legea

4/1997 Legea, martxoaren 24koa, Lan Sozietateei buruzkoa

Bereziki aipatzekoa da lege honen promulgazioa, lan sozietatea ulertzeko modu berriaren eskakizunei erantzun gisa iritsi baitzen, ekonomiaren sendotze eta enpresa proiektu berrien sustatze garai baten ondoren.

Hori ondo islatuta agertzen da ondoren aipatzen dugun legearen zioen azalpenean::

  • Enplegua sortzeko metodo berriak lortzearen helburua, langileen parte hartzea enpresan sustatuz eta Konstituzioak 129.2 artikuluan jasotzen duen aginduari jarraiki, gizartearen kezka etengabea da, legegileak ere baduena. Ildo honetan, 15/1986 apirilaren 25eko Legea, Lan Sozietate Anonimoei buruzkoa, urrats garrantzitsua izan zen enpresaren arloan. Dena den, 19/1989 uztailaren 25eko Legeak - kapitala duten sozietateak komunitateko arauetara egokitzekoa- ekarri zuen erreforma sakonak; eta Espainian sozietate-markoak azken urteetan izan duen norabide aldaketak - Erantzukizun Mugatuko Sozietateei buruzko 2/1995 martxoaren 23ko Legea onartzea eta promulgatzea ekarri duena - , lan sozietateen arautzea eskatzen dute, aldaketa horiekin eta komunitatetako arauekin bat etortzeko.
  • Jakina da, 1989ko aipatutako erreformaren aurretik, erantzukizun mugatuko forma hartzen zuten enpresen kopurua oso txikia zela, baina orduz geroztik, sortzen diren enpresen artetik era horretakoak dira %92. Gainera, Erantzukizun Mugatuko Sozietateen Lege berria malguagoa da sozietate anonimoena baino. Kapitalaren kopurua txikiagoa, eraketa gastuak urriagoak, bazkide kopuru mugagabea eta kapiteleko sozietate baldintzarekin uztartzen diren joera pertsonalistak dira sozietate mugatuaren ezaugarrietako batzuk. Ezaugarri hauek ekonomia antolakuntzako formula juridiko gisa eta enpresan parte hartzeko bide gisa egokiagoa bilakatzen dute langileentzat. Dena den, testu honek aipatutako bi sozietate moten alde egiten du, eta aldeen esku uzten du era batekoa edo bestekoa aukeratzea.
  • Arau berriak lan sozietatearen ildo nagusiak errespetatzen ditu. Horien artean nabarmentzekoak dira honako hauek:
    • o Kapitalaren gehiengoaren jabe langile-bazkideen multzoa da, zerbitzuak modu pertsonal eta zuzenean eskaintzen dituena, ordainsarituta, eta lan harremana mugagabea duena.
    • o Muga bat ezartzen zaio mugagabeko kontratua duten langile ez bazkideen kopuruari.
    • o Bazkide bakoitzak eduki dezakeen kapitalaren gehiengoa finkatzen da.
    • o Bi akzio edo partizipazio mota daude, horien jabeak langileak izan ala ez.
    • o Lehentasunezko erosketa eskubidea dago, lan izaerako akzio edo partizipazioetan transmisioa badago.
    • o Erreserba fondo berezi bat osatu behar da, egon litezkeen galerak konpentsatzeko.
    Hauek guztiak dira ezaugarri nagusiak, eta hobari fiskalekin batera era honetako sozietateen sustapena eta garapena bultzatzen dute.
  • Ideia matrize horien ondorio dira, bai eta sozietate hauei eskaintzen zaizkien hobari fiskalen berme ere, ondorengo hauek: hartzen duten izenari "lan" adjektiboa gehitzea; Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioak izatea sozietate jakin bat lan-sozietate izendatzeko eskuduntzak; eta haien ezaugarriak ikuskatuko dituen Administrazio Erregistro baten sorrera. Erregistro horren eginkizuna da kontrolatzea, batez ere, aurreikusitako bi akzio eta partizipazio moten arteko kapitalaren proportzionaltasuna, eta horren alterazioak izan ditzakeen ondorioak lan-sozietate izendapena gordetzeko edo galtzeko garaian. Hori guztia Autonomia Erkidegoen eskuduntzen kaltetan izan gabe.
  • Testuan aurreikusita ez dauden kasuetan, oro har, Sozietate Anonimo edo Erantzukizun Mugatuko enpresei - hartuta duten izaeraren arabera - dagozkien arauak aplikatuko zaizkie Lan Sozietateei, salbu eta Lan Sozietatearen berezko ezaugarriak mantentzeko ezinbestean egin behar diren salbuespenen kasuan. Hain zuzen ere, Sozietate Anonimotik zein Erantzukizun Mugatukotik bereizten dituen ezaugarri horietako bat da akzioen edo partizipazioen lehentasunezko erosketa eskubidea transmisio kasuan; lege izaera du, eta lehenik langile-bazkideen kopurua handitzea du helburu, langile ez bazkideekiko; eta bigarrenik, langile-bazkideen kopurua ez murriztea bilatzen du. Sozietate Mugatuen arauekiko beste ezaugarri bereizgarri bat da Lan Sozietatean partizipazioak guztiz berdinak izan behar direla, ez da inoiz onartuko eskubide mota ezberdinak dituzten partizipazioak sortzea. Erantzukizun Mugatuko Sozietate horiekiko beste aldaera bat da Lan Sozietateetan administrazio organoa sistema proportzionalaren arabera izendatzen dela, eta ez gehiengoaren sistemari jarraiki.
  • Aipagarrik diren beste ohar batzuk:
    • o Erakunde publikoek parte hartzen duten sozietate partaidetuen kasuetan salbu, bazkide bakoitzak eduki dezakeen akzio edo partizipazio kopurua herenera igo da, batzuetan saihestezinak diren eskuratze batzuen ondorioz «Lan-sozietate« izendapena ez galtzeko. Izan ere, batzuetan ezin dira ekidin oinordetzagatik hartutako eskuratzeak, eta beste batzuetan oso komenigarritzat jotzen dira lehentasunezko erosketa eskubidetik datozenak.
    • o Azkenik, lehentasunezko erosketaren kasuan, adostasunik ez badago, akzioen balioak, arrazoizko balioa behar du izan eta sozietatekoa ez den auditore batek finkatuko du. Eta enpresa derrigortuta ez balego izendatzera, administratzaileek izendatuko dute; aurrekoa baino egoera bidezkoagoa da eta guztiz bat datorrena gai honetan kapitaleko sozietateen arau orokorrekin.
  • Azkenik, sozietate mota honi zenbait hobari fiskal aitortzen zaizkio, sozietate hauen sorrerak eta irauteak berekin dakarren helburu ekonomikoaz gain, helburu soziala duelako.

Menú Pie de Página

© ASLE Ercilla 3 48009 Bilbo Email: asle@asle.es Telf.: +34 944 354 730 | Fax: +34 944 354 731